XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik, teologi azterketaren ikuspegitik eta pastoralgintza ebanjelizatzailearen ikuspegitik oharkabe pasa ez daitekeen pertsona da.

Horregatik gogoratu nahi dugu.

Eta benetako esker onezko espirituz gogoratu ere.

Berarengan egiazko jesuita baten irudia ere ikusten dugu.

Behintzat egiazko jesuita nik ulertzen dudanez.

Agian beraiek beste modu batetara esango dute.

Dena dela, leialtasun haundi eta sakoneko gizona dela pentsatzen dut.

Baina, aldi berean, Jesusen Lagundiari berari buruz, Elizari berari buruz askatasun kritiko haundiko gizona da.

Eta txostenemaileek esango dutena ezer aurreratzeko asmorik gabe, batek, autore bat irakurtzera edo estudiatzera hurbiltzen denean, bere sinpatiak dituela erantsiko nuke.

Pertsonalki Rahner-engan bereziki oso gogoko zaidan zerbait izkuta ez dezaket: tradizioaren gizona izatea eta historiaren gaurkotasuneko gizona izatea.

Bi gauza hauek nola josten diren jakitea zail samarra da; baina problematika honek sor dezazkeen planteamentu teorikoez aparte, hau esan dezakegu garbiro: sakonkiro fededun eta tradizioari lotua eta, gainera, gaurkotasun historiko berebizikoa duen gizon baten aurrean gaudela.

Hortik jarrera etengabe kritikoa, baita bere pentsamendu propioaz ere, eta egundoko balio eta goitasunezko gizona gertatzen zaigu.

Karl Rahner-en lana oraino erabat egina ez dagoela uste dut.

Hauxe esan nahi nuke: idatzi duenaz aparte, gero teologoek jarraitu beharko duten pentsakera eta pentsabide bat markatu digula, eta honen lan eta fruituetatik pastoraleko alor konkretuan sarturik gabiltzanok baliatu ahal izango dugula.

Gizon haundi hau, teologo haundia, jesuita haundia, baina, oinarri-oinarrian niretzat kristau haundia, gizon hau bere tokian jartzea nahi duen ikuspegi zabal honetatik, gure lagun ditugun teologo ospetsuen txostenak entzun ditzagun.

Jose Maria Setien Donostiako gotzai jaunak.